XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Lurraldeak gutun bat bidali die Nafarroako parlamentariei

Lurraldea koordinakundeak gutun bat bidali zien atzo Nafarroako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi politiko guztiei.

Bertan jarrerak malgutzeko eskatzen die koordinakundeak.

Nafarroan Irurtzun-Andoain autobideko lanak hasi zirenetik bi urte t'erdi bete direla eta lanak hasi aurretik polemika gogorra izan zela ekarri du gogora Lurraldeak.

Honen iritziz, autobidearen inguruko polemika guztiak agerian utzi du lurralde antolamendua eta herritarren eskuhartzea oso modu ezberdinean ulertzen dituztela alde batekoek eta bestekoek.

Auzi honetan somatu izan diren hutsegite asko eragozteko modua bazegoela dio Lurraldeak.

Hutsegite horietako bat, beti koordinakundearen esanetan, erakunde, alderdi politiko eta gizarte mugimenduen arteko komunikazio falta izan da.

Komunikaziorik ezak, Lurraldearen irudiko, alferrikako liskarrak ekarri ditu.

Elkarrizketa eta adostasun faltak izugarrizko kostuak eragin ditu, hala nola, kalte ekologikoak, neurrigabeko segurtasun gastuak, auziaren militarizazioa eta indarkeria, azpimarratu du Lurraldeak.

Honen arabera, gainera, irregulartasun anitz egon dira lanen kontratazioetan eta oro har, politikoek sinesgarritasuna galdu egin dute, herritarrekin akordiora heltzeko gaitasunik ez dutela erakutsi bait dute. Koordinakundeak dioenez, autobidearen auzia konpontzeko zorian dago Gipuzkoan eta Nafarroak ezin du prozesu horretan baztertuta gelditu.

Ildo beretik, auzia Nafarroan behin behingoz konpontzeko unea iritsi dela uste du Lurraldeak.